Bizkaiko Auzitegiak 12 urteko espetxe-zigorra ezarri die gizon bati eta haren bikotekideari, haren alaba adingabeari sexu-abusua egiteagatik

Auzitegiak uste du gizonak 16 urtetik beherakoari haragitzez gauzatutako sexu-abusuaren delitu jarraitua egin diola, eta emakumea ezinbesteko laguntzailetzat jo du delitua egiteko orduan; izan ere, "egitateen jakitun zen, onartu egiten zituen eta ez zuen ezer egin haiek eragozteko"

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Bizkaiko Auzitegiko Lehen Atalak gizon bat eta haren bikotekidea 12 urteko espetxe-zigorrera kondenatu ditu, emakumezkoaren alaba adingabeari sexu-abusua egiteagatik, gizona egile gisa, eta emakumea ez-zilegi horren ezinbesteko laguntzaile gisa.

Auzitegiak frogatutzat jo du, 2021eko otsailetik 2022ko maiatzera arte, auzipetuak "bere desio lizunak asetzeko asmoz" eta "amaren bikotea eta hamar-hamaika urte zituen adingabearen izatezko aita izatearen" pribilegio-egoeraz baliatuz, "askotan (...) harreman sexualak izan zituela" harekin familiaren etxebizitzan.

Nabarmendu duenez, adingabearen amak "oso ondo" ezagutzen zuen bere bikotekideak egiten zuena, eta onartu egiten zuen "egitateak salatu eta jokabide bidegabe horiei amaiera ematen saiatu" ordez.

Halaber, "adingabea bere amarengana joan zen babes zezan", eta haren erantzuna honako hau izan zen: "etxeko gauzak ez dira kontatzen, etxean geratzen dira".

"Horrela (amak) lortu zuen egitateak familia-eremutik ez ateratzea, eta, bere pasibotasunarekin eta abusuak eragozteko edozein ekintza alde batera utzita, beste akusatuak bere legez kontrako jardunarekin jarraitu ahal izatea ahalbidetu zuen", adierazi du Bizkaiko Auzitegiak.

Zio faltsurik ez

Auzitegiak epaian aztertu zituen adingabearen, bi akusatuen eta ahozko ikustaldian lekukotza eman zuten lekuko eta perituen deklarazioak, eta ondorioztatu zuen adingabearen lekukotza ez dela fabulatua, ez dela faltsua, eta ez dela zio faltsuen ondoriozkoa, bi auzipetuek judizioan esan zuten bezala.

"Gutxieneko analisi koherente bat eginez gero, ezin da argudiatu salaketaren eta haren lekukotzaren arrazoia mendekuaren zio faltsua izatea akusatuek adingabeari ustez emandako hezkuntza-zurrunagatik; izan ere, auzitegiaren esanetan, ez da "inola ere egiaztatu hezkuntza-diziplina hori".

"Frogabideen arabera, ezin da egiaztatutzat jo neskak bere aitaordearen eta amaren ustezko eta gertatu ez den tiraniatik askatzeko asmoz jardun duenik, ez baita egiaztatu neska problematikoa edo errebeldea zenik", gaineratu du auzitegiak.

Bizkaiko Auzitegiak ere nabarmentzen du adingabearen kontakizunaren "barne-koherentzia", auzipetuak egitera behartu zuen sexu-egintzei dagokienez.

"Ez ditu egoera ez-logikoak edo fisikoki eta materialki gertatu ezin diren egoerak deskribatzen", eta egitateak non eta noiz gertatzen ziren adierazten duen lekukotza "oso argia eta zehatza" da, auzitegiaren arabera. Era berean, krimen-egoztearen iraunkortasuna eta kontakizunean "pitzadurarik eta kontraesanik" ez izatea nabarmendu du.

Adingabearen lekukotza berresten duten "elementu nabarmenak"

Gainera, Bizkaiko Auzitegiak epaian jasotzen ditu adingabearen lekukotzaren "berrespen periferikoko elementu nabarmenak"; besteak beste, peritu-txosten bat, zeinak "akusatuak" adingabeari "detektatu zitzaion sexu-transmisiozko gaixotasuna" kutsatu ziola egiaztatzen baitu.

Horrek "modu zientifikoan berresten du adingabearen kontakizunaren egiantza", nabarmentzen du auzitegiak.

Egiletza eta zigorra

Bizkaiko Auzitegiak 12 urteko kartzela-zigorra ezarri die akusatuei; gizonari, 16 urtetik beherakoari haragitzez egindako sexu-abusuaren delitu jarraitu baten egile gisa, eta emakumeari, ezinbesteko laguntzaile gisa. Ezarritako gehieneko zigorra jartzeko erabakia (8 urtetik 12 urtera bitartekoa) arrazoitzeko argudiatzen du haren jokabideen larritasunean eta adingabearen gaineko "ondorio lazgarrietan" oinarritu dela.

Auzitegiak azaltzen duenez, ama jakitun izatea eta "inolako ekintzarik ez gauzatzea bere 11 urteko alabaren sexu-askatasunaren aurkako etengabeko erasoa saihesteko, gainditu egiten ditu delitu jakin batzuk eragozteko eginbeharra ez betetzeagatiko ez-zilegi penalaren mugak, eta auzipetutako delituaren partaide bihurtzen du, ez-egiteagatiko ezinbesteko laguntzaile gisa".

Gainera, emakumearentzat zigor txikiagoa ez ezartzea erabaki du, "bere laguntzarekin bikotekideak gauzatu zituen askotariko egintzak bere gain hartu zituelako" eta bere ustez adingabeari eragindako kaltea "neurri batean handiagoa delako" zeren eta "neskak bere ama maite baitu eta ez baitu ulertzen lagundu ez izana".

Auzitegiak ezarri du biek solidarioki 30.000 euroko kalte-ordaina ematea adingabeari, eta debekatu egiten die 20 urtez adingabearekin komunikatzea eta harengandik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea. Zaintzapeko askatasunaren neurri bat ere ezartzen da, eta amari guraso-ahala kentzen zaio, neskatoa adinez nagusi izan arte.

Epai hau ez da irmoa eta bere aurka errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salan.