Estatistika Judizialeko Plan Nazionalen

Estatistika Judizialeko Plan Nazionalak dira estatistika judiziala antolatzeko BJLOren 461. artikuluan aurreikusitako tresnak. Estatistika Judizialeko Batzorde Nazionalaren osoko bilkurak onartzen ditu.

Estatistika Judizialeko Plan Nazionalen oinarria dira Estatistikako Kontseilu Nagusiaren Estatistikako Plan Nazionalak. Aldizkakotasun bera dute (lau urtean behin), eta gaien arabera daude multzokatuta estatistika-eragiketak. Denbora-sinkronizazioa lortzeko, Estatistika Judizialeko lehen planak bi urteko iraupena baino ez zuen izan: 2011-2012.

Estatistika Judizialeko Planak (EJP) Estatistika Plan Nazionalen kontzeptu eta definizio berak erabiltzen ditu, estatistika-plangintzan finkatutako praktikak baliatzeko eta zehaztutako estatistika-eragiketa judizialak etorkizunean plan horietan are errazago txertatu ahal izateko; horrez gain, planean jasotako estatistika-eragiketen azalpenean formatu bera erabiltzen du, baina xehetasun handixeagorekin. Oro har , eragiketa bakoitza finantzatzeko behar diren kredituak soilik utzi dira jaso gabe.

Estatuko xedeetarako estatistiken ekoizpena arautzen duten printzipio orokorrak bete behar dituzte estatistika judizialek, jakina, eta Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko Legean zein Europako Estatistiken jardunbide egokien kodean jasota daude horiek.

Gai-arlo batzuetan dauden estatistika-informazio hutsune handiak direla eta, Batzordeak kontrolatzen ez dituen eta kide ez diren erakundeen —Zuzenbide publikoko erakundeak izanik ere— eragiketak jaso behar izan ditu. Justiziarako datu adierazgarriren bat duten estatistika-eragiketa orokorrak ere jaso dira. Eragiketaren azpimultzo hori bakarrik hartuko da Planean jasotzat. Kodeketa ezberdina erabiltzen da bi eragiketa mota horientzat; sekuentziala da gai-arloaren barruan eta E bukaera du. Plana garatzen duten urteko programetan zerrendatuko dira eragiketa horiek, besterik gabe, haien xehetasunik erantsi gabe.