EAEANk lehentasunezkotzat jotzen du 2024an Donostian Lehen Auzialdiko epaitegi berri bat eta Bilbon Lan-arloko beste bat sortzea

EAEko Auzitegi Nagusiak Antolamendu Judizialeko bokaltzak Euskal Autonomia Erkidegoko planta judizialaren beharrizanei buruz egindako azterlan bat onartu du, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (BJKN) proposatu dio 2024an bi organo berri horiek sortzeko, lehentasunez, eta EAEko epaitegi eta auzitegien funtzionamendua hobetzeko beste neurri batzuk ere jasotzen ditu

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salaren osoko bilkurak lehentasunezkotzat jotzen du 2024an bi epaitegi berri sortzea: Donostiako Lehen Auzialdiko 9 zenbakiko Epaitegia eta Bilboko Lan-arloko 13 zenbakiko Epaitegia.

EAEko Auzitegi Nagusiak Antolamendu Judizialeko bokaltzak Euskal Autonomia Erkidegoko planta judizialaren beharrizanei buruz egindako azterlan bat onartu du, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (BJKN) proposatu dio 2024an bi organo berri horiek sortzeko, lehentasunez, eta EAEko epaitegi eta auzitegien funtzionamendua hobetzeko beste neurri batzuk ere jasotzen ditu.

Proposamena Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira bidali da, Gobernu zentralari helarazteko. Gobernu zentrala arduratuko da, azkenean, ekitaldi honetan sortu beharreko epaitegi berrien kopurua eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkionak zehazteaz.

Azken urteotan, Justizia Ministerioak Estatu osorako 70-80 organo judizial sortzea onartu du, eta ohikoena izan da bi Euskal Autonomia Erkidegoari egokitzea; horregatik ezarri da lehentasuna bi organo judizialetan soilik.

Iaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salak planteatutako beharrizanen ondorioz, Justizia Ministerioak Arabako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalean eta Bilboko Lehen Auzialdiko 17 zenbakiko Epaitegian plaza bat sortzea babestu zuen, gaur egun oraindik martxan jartzeko dagoena.

2024ko beharrizanen mapa judiziala

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak onartutako 2024rako beharrizanen mapa judizialari buruzko azterlanaren abiapuntua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ezarritako irizpidea da. Irizpide horren arabera, hiru urtez jarraian sarrera-moduluaren % 130 gainditu behar da unitate judizial berriak sortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, txostenak erakusten du azken hiru ekitaldietan (2021, 2022 eta 2023) lehen auzialdiko 24 epaitegi esklusiboek (zibilak) gainditu dutela maila hori EAEn.

Halaber, hiru urte horietan zehar ehuneko horren gainetik egon dira, Bilboko Lan-arloko epaitegiak (sortutako azken epaitegia izan ezik), Bilboko Zigor-arloko 7 zenbakiko Epaitegia, betearazpenez modu esklusibo eta baztertzailean arduratzen dena, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atala eta Arabako Auzitegiko Lehen Atala.

Txostenak gaineratzen duenez, Donostiako Zigor-arloko 4. zenbakiko epaitegiak, betearazpenez  modu esklusiboan eta baztertzailean arduratzen denak, maila hori gainditu du 2021eko eta 2022ko ekitaldietan, eta oso hurbil geratu da 2023an ( % 126).

Organo horietako bakoitzaren egoera, egiturazko beharrak eta horiek ezartzeko espazio eta baliabideen erabilgarritasuna aztertu ondoren, EAEANren gobernu-organoak onartutako txostenak ondorioztatzen du une honetan lehentasunezkoa dela Donostiako Lehen Auzialdiko 9 zenbakiko Epaitegia eta Bilboko Lan-arloko 13 zenbakiko Epaitegia sortzea.

Txostenak azaltzen duenez, lehen auzialdiko epaitegiak lan-karga pixkanaka handitzen ari dira, eta hori ez da puntuala, baizik eta, "neurri handi batean", kontratazioko baldintza orokorrekin eta aireko garraioarekin lotutako gaia epaitegi horiei esleitzearen ondorioz gertatzen da. Hori dela eta, datozen ekitaldietan Barakaldoko, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako barruti judizialetan lehen auzialdiko epaitegi esklusibo berriak sortzea eskatu beharko dela aurreikusten da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak babestu egiten du, beste gai batzuen artean, Bilboko eta Donostiako zigor-arloko epaitegien egoera banan-banan aztertzea, betearazpenaren arloan eskumen esklusibo ez-baztertzailea izango duen unitate judizial berri bat sortzeko.

Helburua da betearazpen-epaitegien zama arintzea, eta, aldi berean, lan-kargaren banaketa ekitatiboa lortzea bi barruti judizialetako zigor-arloko epaitegietan.